ZERO ZABOR URETAN-ek 3.000 pertsona mobilizatu ditu, eta zeharkaldi bat baino gehiago bihurtu da: itsaso osasuntsuago baten aldeko mugimendu soziala da.
Eskerrik asko 11 ikastetxetako 1.000 ikasle baino gehiagori, ikasi, sortu eta aldarrikatu duzuenagatik.
Eskerrik asko 434 saltoki horiei, 17 udalerritan ikasleen mezuak erakusleihoetara eraman dituzuelako.
Eskerrik asko 510 eragileri, portuz portu jarduera bakoitza posible egin duzuenoi.
Eta eskerrik asko 37 boluntarioei, zuen indarra eta konpromisorik gabe kanpaina hau ez litzateke berdina izango.
Zeharkaldian zehar 7.500 hondakin (30 kg baino gehiago) bildu eta aztertu ditugu; horien %96 plastikoa. Horrek gogorarazten digu zergatik jarraitu behar dugun lanean: hondakinik onena sortzen ez dena da.
Parte hartu duzuen pertsona, erakunde, administrazio eta kolektibo guztiei:
Eskerrik asko. Zuen ekimena da hau. Itsasoarena.
Experientzia ontzian
2025ean ere, MATERrekin batera euskal kostaldea zeharkatu dugu itsaso osasuntsu baten alde, ZERO ZABOR URETAN ekimenaren baitan. Aurten, bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu kanpaina hau posible egin duten pertsonei: dedikazio handiz parte hartu, bultzatu eta balio handia eman dioten boluntarioei.
LIBERA proiektuaren bidez edo urtean zehar MATER komunitatearen partetik etorrita, zuek zarete kanpaina honen benetako oinarria.
Portu bakoitzean 4 laguneko boluntario-taldea izan dugu: bi eguneroko logistika lanetan (sukaldaritza, erosketak, garbiketa…), eta beste bi sentsibilizazioan, proiektuan interesa zuten pertsonak hurbiletik artatuz STAND-ean, ontzia ezagutzeko bisitetan gidatuz eta programatutako jardueretan parte hartzera gonbidatuz.
Gainera, logistikako boluntarioek Plastikorik Gabeko Konpromisoaren erronka hartu zuten, plastikorik gabeko kanpaina bat lortzeko helburuz. Premisa hori jarraituz egin zituzten erosketak, eta zeharkaldian zehar sortutako hondakin plastikoen erregistroa ere osatu zuten. Ariketa horri esker, hausnarketa egin eta etorkizunari begira hobekuntza jasangarriagoak bilatzen jarraitzeko aukera izan dugu.
Datuak benetan harrigarriak izan dira. Kontuan izan behar dugu 25 eguneko kanpainan zehar 37 pertsona izan garela guztira, batez beste 8 lagun gauero ontzian. Edukiontzi horirako guztira 391 hondakin sortu ditugu; asko dirudien arren, badakigu etxe arrunt batek askoz gehiago sortzen duela. Esperimentu praktiko honek hainbat ikaskuntza utzi dizkigu: esne begetala geuk prestatzea, edariak formatu handiagoetan kontsumitzea eta produktuak soltean erosita geure fajitak edo taloak prestatzea. Ez dirudi hain zaila, ezta?
Ekintza guztien artean, ontziko bisitak izan dira jende gehien bildu dutenak: bisitari partikularrak eta udalekuak. Baina zalantzarik gabe, urteko izarra ZABOR eta BIO kalejira antzeztua izan da: erraldoi eta pertsonaiek protagonizatutako ikuskizun dibertigarri eta gertukoa, mezu argia helarazten duena: BIO, gure bioaniztasunaren dama babesteko beharra eta ZABOR, txikitu behar dugun itsas hondakinen munstroa.
Ospakizun handia izan da, eta uste dugu horrek zerikusi handia duela kanpaina aurreko lanarekin. Izan ere, herrietan egindako bisitetan, ZABOR eta BIO ikastetxeetan ibili ziren, eta haurren itsas hondakinei aurre egiteko mezuekin batera, erakusketa bat osatu zuten. Erakusketa horren inaugurazio-ekitaldi berezian, ikasleak eta tokiko eragileak elkartu genituen, haiek protagonista bihurtuz eta haien ekarpena balioan jarriz.
Laburbilduz, aurten bizitakoa ez da ekintza multzo bat soilik izan, baizik eta konpromiso eta lankidetza kolektiboaren adierazpen indartsua. Eta hori guztia, bide honetan sinetsi duzuen pertsona askoren esku eta bihotzei esker izan da posible.
