Europako 3 sentsibilizazio-kanpaina onenen artean
Zortzi urte euskal kostalde osasuntsuago eta kontzienteago baten alde arraunean. Zero Zabor Uretan aurrera doa beste urte batez, euskal kostaldean zehar itsasoa zaintzearen aldeko hausnarketa eta ekintzak sustatuz, arazoaren parte garela erakutsiz, baina baita — eta batez ere — konponbidearen parte garela argi adieraziz. Izan ere, batasunak indarra egiten du, eta komunitatean lortuko dugu soilik itsaso osasungarriago baterantz benetako aldaketak bultzatzea.
Edizio hau inoiz baino gogotsuago hasi dugu, European Week Waste Reduction 2025 sarietan finalista izendatu baikaituzte! ZERO ZABOR URETAN Hondakinak Murrizteko Europako Astearen (EWWR) 3 finalisten artean sartzea lortu du Elkarte/GKE kategorian, 13.100 egitasmoren artena. Gure lanaren kalitatea, ekimenaren originaltasuna eta lortu nahi dugun eragin iraunkorra nabarmendu dituzte epaimahakideek. Azken irabazleak ekainaren 4an ezagutuko dira Bruselan, beraz, mantendu atzamarrak gurutzatuta!
Baina… Zer da zehazki ekimen hau? Proiektu honek, zeharkaldi formatuan, 8 portutara iritsiko gara uztailean (Bilbo, Portugalete, Bermeo, Ondarru, Mutriku, Getaria, Hondarribia eta Pasaia), baina martxoaren erdialdean hasi zen 19 ikastetxeren inplikazioarekin, ahalduntze eta sentsibilizazio hitzaldien bidez. Plastikoen kontsumoa murrizteari eta itsaso hondakinen prebentzioari buruzko saioen ostean mezu sentsibilizatzaileak sortu dituzte herriko txikiek. Mezu horiek kanpainan lehorreratutako herri guztietan jarriko dira ikusgai, herri bakoitzeko erakusketa ibiltari eta pertsonalizatuan. Erakusketa horretan, Bio eta Zabor itsasoko erraldoiekin batera aurkeztuko dira herriko komunitateari haurren mezuak.
Baina hau ez da dena. Gure ustez, itsasoaren kutsaduraren gakoa gure kontsumoa da. Horregatik, aurten ere merkatarien elkarteak eta, beraz, tokiko ehunka saltoki inplikatu ditugu aurrez azaldutako mezuen hedapenean. Beraz, inplikatutako saltokien erakusleihoak izango dira MATERek bere portua ukitu arte gizartea sentsibilizatzen jarraituko dutenak.
Laster, portuz portuko programak iragarriko ditugu, besteak beste: bisita gidatuak, tailerrak, topaketak, zinema itsasontziaren bizkarrean, bilketa eta itsasorako irteerak itsas zaborrak harrapatzeko…
Erabakitasunez eta konpromisoz jarraitzen dugu 8. edizio honetan, abentura hau posible egiten duten pertsonen, kolektiboen eta administrazioen lankidetza baliaezinari eutsita. Aparteko itsaso hau gozatu eta maitatzeko pribilegioa daukagulako, bere defentsan gogotsu murgiltzen gara, kostalde bizi eta oparoak herentzian jasotzea merezi duten etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz.








